Ez daukazu denborarik... Garrantzitsuena egiteko?

Urt 26, 2018

Ez daukazu denborarik... Garrantzitsuena egiteko?

Nola da posible? Jada 2018 urteak eman ditu bere pausoak, eta ez duzu pentsatu urte honetarako zure enpresarentzako asmoak zeintzuk izango diren? (Eta datozen urteetarako…) Badakizu, lana kolpatzen zaizu eta berriro ere martxan…denborarik ez…denborarik ez, garrantzitsuena egiteko?

Noraezean ibili baino, hobe duzu norabide bat bilatzea. Horretan pentsatzeko atseden txiki bat hartzea. Hau da, egin eta egin ibiltzea ondo dago, baina helburuak ezartzen dituzunean, orduan, bi punturen arteko bideari ekingo diozu.

Bi punturen artean: orain zauden puntua eta interesatzen zaizun norabidean dagoen beste puntutxo bat.

(Euskarak badu bere magia, nora-bidea hitzak berak adierazten du esaten ari natzaizuna)

Esaten dute, hegazkinek daramaten ibilbidean zehar, denboraren %99an ez daudela iritsiko diren puntuari zehazki zuzenduta. Bai, baina hegazkinek badute norabide bat eta helburu bat. Nonbaitera doaz. Eta behar dutenean, aireportura begira jartzen dute hegazkinek haien muturra.

Bada, ekintzaile askori gertatzen zaion bezala, zuri ere gertatzen al zaizu honako hau? Lan asko dagoenean, denborarik ez dagoela estrategia hitzan pentsatzeko ere, eta lan gutxi dagoenean, denbora txikikerietan ematen duzu. Noraezean.

Hitz hauekin bat egiten baduzu, hora hor mezua. Estrategia irudikatzearen garrantzia gogoraraztera natorkizu.

Zertarako da estrategia?

  • Nora-bidea ezartzeko.
  • Nahi duzunarekin konektatzeko.
  • Estrategian pentsatzeak ere zure desioak argitzeko balio dizu
  • Ezetz esatea errazagoa izateko (zuk ere zure helburuak dituzulako, noski)
  • Lehentasunak ezartzeko (Estrategirik gabe zaila izaten da hori)
  • Zure bezeroak zeintzuk izan behar diren hobeto bilatzeko
  • Lanean zaudenean egoki ari zarela ziurtatzeko (zure helburuekin bat egiten duten ekintzetan ari zarelako).


Eta, …zertarako gehiago?

Beraz, badakizu onuragarria dela oso. Hortaz, hartu boligrafoa eta idatzi, irudikatu, zein den zure norabidea. Eskertuko duzu!

Eta noiz egingo duzu?

Hartu ezazu horretarako denbora oraintxe bertan! Edo gauza garrantzitsuagorik duzu egiteko?

Egilea: Miren Lauzirika