Ezetz esatea. Emakumeoi kostatu ohi zaigu

Urt 7, 2018

Ezetz esatea

EZETZ esatea, batez ere, emakumeoi kostatu ohi zaigu. Emateko eta zerbitzatzeko heziketa jaso baitugu, gehienbat. Eta ezer baino lehen, argi eduki behar duguna da, ERLAZIOETAN, euskaraz ondo adierazten denez, HARREMANA dela garrantzitsuena. HARTU eta EMAN egin behar da gure elkarreraginetan. Hartu eta Eman modu orekatsuan. Eman bai, eta Hartu ere bai, modu beretsuan. Hortaz, erlazio orekatsua ez denean, eman beharrekoa jasoko duzuna baino handiagoa bada, EZETZ esatea zilegizkoa da. Jaso esaten dugunean, hartuko dugunaz mintzo gara. Norberak jartzen dio ematen dionari jaso nahi duen saria, emozionala, materiala zein ekonomikoa.

EZETZ esateari buelta eman diezaiogun. EZETZA da txanpon bereko alde bat baino ez. Beste aldean, BAIETZA dago. Gauza bati edo pertsona bati EZETZ esaten diogunean, BAIETZ esaten ari gatzaio beste proiektu bati, beste pertsona bati. ASERTIBITATEA, norbere burua errespetatzearekin eta estimatzearekin dago lotuta. Nor zara zu? Zeintzuk dira zure baloreak? Non daude zure lehentasunak? Horiei BAIETZ esan behar diegu. Horietatik aldentzen dizkiguten proiektu eta pertsonei EZETZ esateko eskubidea dugu.

Bezero asko datozkitt kezka honekin

Denekin izandako elkarrizketetatik, hona hemen saio arrunt ba izan daitekeena.

  • Coach: Zertarako esaten duzu denari baietz?
  • Bezeroa: Ba beldur naizelako.
  • Coach: Zeren beldur?
  • Bezero: Ba asko kostatu zait gizonezkoen mundu honetan nire balia erakustea emakumea izanda. Lortu dut mundu honetan tokia egitea, asko lan eginda eta erakutsita nik gizonezko batek bezain ondo, hobeto eta gehiago egin dezakedala. Ezetz esaten badut, beste bati emango dizkiote kontratuak.
  • Coach: Nola dakizu hori?
  • Bezeroa: Beno, ez dakit baina merkatuan asko daude nire modukoak, gizonezkoak gainera.
  • Coach: Zure modukoak, berdin, berdin, berdinak?
  • Bezeroa: Beno ez, nik daukat nire metodologia propioa, kalitatea asko zaintzen dut, eta bezeroaren gogobetetzeaz arduratzen naiz. Bezeroa ondo ezagutzen dut, galdera asko egiten dizkiot, bere beharrei ondo erantzuteko.
  • Coach: Eta nola dakite bezeroek zeintzuk diren zure beharrak eta zure gogobetetzea?
  • Bezeroa: ba ez dakite, bezeroak dira, ez daukate jakin beharrik, ez?
  • Coach: Zuk zer uste duzu?
  • Bezeroa: Ba ni bezeroa naizenean ez diot galdetzen hornitzaileari zer behar duen. Berak azaltzen dit zer egiten duen eta nola, eta nire beharrekin bat badator, kontratatzen dut edo erosi egiten dut, eta kitto.
  • Coach: Esan duzu NOLA ere adierazten dizula hornitzaileak?
  • Bezeroa: Bai, niretzat inportantea da jakitea NOLA egiten duen.
  • Coach: eta NOLA dakite zure bezeroek NOLA jokatzen duzun zuk, eta zeintzuk diren zure beharrak?
  • Bezeroa: … Ba agian ez diet ondo azaltzen parte hori.
  • Coach: …
  • Bezeroa: … mmm Zer pentsatu eman didazu. Agian, pedagogia txiki bat egin dezaket bezeroekin. Agian badaukat epeetan malgutasun txiki bat lortzerik. Ez denekin, agian, baina baditut bizpahiru bezero buruan, eta horiekin bai hitz egin dezakedala…
  • Coach: Nola sentitzen zara orain aukera hori ikusi duzula?
  • Bezeroa: Ba nire esku badagoela nire erritmoak markatzea, zenbait bezerorekin elkarrizketa zintzoak baldin badauzkat… Gonbidatuko ditut kafe bat hartzera, edo bazkaltzera, eta azalduko diet gure harremana eta lana hobetzeko proposamen xume bat. Haientzat ez da ezer eta niretzat mundu bat.
  • Coach: win-win. Irabaziko duzu zuk eta irabaziko dute beraiek.
  • Bezero: Jakina! Horrela ikusten ditut nik harremanak!

Kasu honetan zein da bezero honen EZETZA ez esatearen arrazoia? Beldurra batetik, eta bestetik, segurtasun falta.

Beldurra eta segurtasun faltaz aparte, estrategia eza nabarmena da. Horixe nire iritziz, EZETZ ez esatearen arrazoi nagusia. Estrategia argia eta helburu zehatzak edukiko bagenitu, errazago izango litzateke EZETZ esatea. Ze EZETZAREN atzean, BAIETZA dago; baietz beste aukera hobeago bati.

Beste bezero bai galdetu nion ezetz esateko ze arrazoi zeuden

  • Coach: Ze onura jasoko dituzu EZETZ esaten baduzu?
  • Bezero: Ba denbora gehiago edukiko dudala bestelako lan probetxugarriagoetarako.
  • Coach: Hortaz, baduzu argi ze lan diren balio erantsia dutenak zuretzat, eraginkorrenak direnak. Ze beste onura eskuratuko duzu EZETZ esaten baduzu?
  • Bezeroa: Ba nire lan-plangintza bete ahal izango dudala, eta hortaz, finkatutako helburuak bete egingo ditut.
  • Coach: Hortaz, badituzu helburuak argi. Ze beste onura ekarriko dizu EZETZ esateak?
  • Bezeroa: Ba nire lan-lerroa eta egiteko modua oso argi utziko dudala, bai bezero horri eta bai gerora etor daitezkeenentzat.
  • Coach: Hortaz, baduzu metodologia eta estilo propioa, gainontzekoengandik bereizten zaituztenak. Ze beste onura izango duzu EZETZ esaten baduzu?
  • Bezero: Ba nire mugak arakatzen ditudala. Ze orain arte jokatu izan dut beldurragatik. Agian ondo ari naiz lan horiek onartzen; baina orain gogaituta egiten dut. Agian oker nabil eta ondo ari naiz baietz esaten. Baina behintzat probatu nahi dut ezetz esaten ia zer gertatzen den. Gaizki ateratzen bazait, eta berriz ere, horrelako enkarguak onartu behar baditut, behintzat badakit zergatik eta ez naiz horren haserre arituko.
  • Coach: Hortaz, huts egiteko prest zaude. Ze beste onura eskuratuko duzu EZETZ esaten baduzu?
  • Bezero: Ba nire burua baloratzeko. Nire buruaz harro sentitzeko. Nire bizitzaren jabe naizela sentitzeko.
  • Coach: Nola sentitzen zara orain?
  • Bezeroa: Ba adoretsu. Saiatu behar naizela argi sentitu dut. Ez da ezetz esatea, baizik eta nire printzipioei baietz esatea. Nire buruari lehentasuna ematea.

Laburbilduz, ezetz ez esateak zer kalte ekar dezake? Denbora galtzea, energia galtzea eta autoestima galtzea.

Bukazeko, ezetz esaeak beldurra ematen badizu, pentsatu positiboan. Ezetz esaten duzun bakoitzean, zeri esaen ari zara baietz?

Gutxienez, 5 onura jasoko dituzu. Onura hori eskuratzeko, 5 ariketa proposatzen dizkizut jarraian. Hona hemen EZETZ esatearen abantailak:

  1. Denboraren kudeaketa egokia, zure lehentasunetara egokituta. Hortaz, idatzi 2018rako plangintza egin. Zertan emango duzu denbora? Bai lanean bai maila pertsonalean, bateragarri egiteko.
  2. Zure helburuak bete, garaiz eta zure erara iritsiz. Hortaz, zer da lortu nahi duzuna 2018n, eta nola jakingo duzu lortu duzuna?
  3. Zure metodologia propioa eta zure estiloa finkatuko duzu, lehiakideengandik bereiztuz. Hortaz, nola lortu nahi dituzu zure helburuak? Nola bereganatu nahi duzu bezeroen eta kideen konfidantza? Zerk egiten zaitu berezi?
  4. Erosotasun-gunetik haratago aterako zara. Huts egiteko prest zaude, bide berriak arakatzeko eta zure indarrak neurtzeko. Hortaz, zer da galdu nahi ez duzuna? Nola egingo duzu nahi duzuna mantentzeko?
  5. Zure buruari lehentasuna ematea. Zure burua errespetatzea. Hortaz, nor zara zu? Nola eta noiz sentitzen zara zoriontsu, asebetetuta, pozik, lasai? Zer da eskaini nahi duzuna zure jardueraren bitartez? Eta nola sentiaraziko zaitu zure buruari leial aritzeak?

Egilea: Amaia Agirre