Liderra, talde bat gidatzen duena da. Eta zer da gidatzea? Aurretik joatea bidea erakusten. Hala diño hiztegiak.

Baina aurretik joan behar al da gidatu ahal izateko? Artzai-txakurren kasuan, ikus dezakegu nola artzaia ez den bere tokitik mugitzen. Atalaia batetik txistu edo oihu gutxi batzukin txakurra gidatzen du artzaiak, eta txakurra, berriz, aurretik, atzetik eta alboetatik badoa artaldea bideratzen abiapuntura iritsi arte.

Hortaz, ez dago inoren aurretik jarri behar proiektua aurrera eramateko. Liderrak ez du tiratu behar: hau ez da ez sokatira ez giza-proba. Eta ez du zertan bultzatu ez jaso: liderra ez da harri-jasotzaile.

Aurretik egon beharra dauka liderrak, baina artzaiaren moduan, urrutitik helburua begibistan duela. Ideietan aurrena, hori bai. Horregatik, euskaraz, liderrak badu beste esateko modua: aitzindari.

Liderra, ezer bada, aitzindaria da

Hona hemen hiztegi entziklopedikoak aitzindari hitzaz dioena.


  1. iz. Buruzagia, gidaria. 2. iz. Norbaiten edozerbaiten etorreraprestatzen duena, norbaiti edo zerbaiti bide egiten diona. 3. izond. Zerbait gertatzera doala aldez aurretik adierazten duena. Eritasun baten seinale aitzindariak. 4. iz. eta izond. BIOKIM. Sekuentzia metabolikoan konposatu jakin baten aurrekoa den konposatua. 5. izond. EKOL.  Eremu berri bat lehenik kolonizatzen duen espeziea.

“Zenbat buru, hainbat aburu” esan ohi da euskaraz. Lidergoarekin gauza bera gertatzen da. Norberaren araberakoa eta proiektuaren araberakoa izango da lidergoa.

Edozelako definizioa hartzen duzula ere, lider ona izateko, lehen baldintza, norabidea argi edukitzea da; norabidea finkatuta, indarra eta kemena, aurrera egiteko.


Oztopoen edo ezetzen aurrean, zer egiten duzu: kokildu, gelditu, atzera egin, edo ikasi eta aurrera egin? “Ekinaren ekinez, ezina eginez”, diño euskarazko esaera zahar batek.


Lidergo-mota desberdinak

Lidergo-mota asko daude, esan bezala. Eta lidergorik onena da egoeretara, beharretara eta beharrezko diren pertsonen izakerara moldatzen dena. Hortaz, ez dago lidergo bakarra eta ona den bakarra.

Zein da zurea? Zein esaldirekin egiten duzu bat?

  • “Hauxe da helburua. Jarrai nazazue”. Ikuspegia eskaintzen duen lidergo-mota.
  • “Zuk zer egingo zenuke?”. Lidergo demokratikoa.
  • “Ausartzen al zara horri ekiteko? Zugan konfidantza daukat”. Besteen gaitasunak indartzen duen lidergo-mota.
  • “Batez ere zuek gustura egotea nahi dut”. Lidergo adiskidetsua eta abegikorra.
  • “Hementze egiten da nik diñodana”. Lidergo autoritarioa.
  • “Ikusi eta ikasi niregandik”. Clon-lidergo.

Bidaia-lagunen gaitasunen eta inplikazio-mailaren arabera, lidergo-mota bakoitzak onurak eta arriskuak baditu.

Emakumeon lidergo-mota

Garaien arabera aldatuz joan da liderraren rola. Gaur egun, egungo ekonomia eta harreman-sareen arabera, nagusitzen ari den lidergo-mota, demokratikoa, bisionarioa, berritzailea eta komunikatiboa da. Horretarako egungo liderrak behar dituen gaitasunak, orain arte, gaitasun bigunak edo “soft skills” deituak dira, hain zuzen, emakumeen izakerarekin orohar lotzen diren gaitasunak, orain dela hamarkada batzuk, gutxiesten ziren gaitasunak, alegia. Gero eta gehiago apreziatzen ari da emakumeon lidergo-estiloa!

Gaur egun, erronka intelektualak nagusi direnean, ezagutza espezifikoa eta heterogeneoa beharrezkoa denean, talde-lana inoiz baino ezinbestekoagoa da.

Ekintzaileok ondo dakigu hori. Izan ere, bakarka aritzen baikara orokorrean. Hori dela eta, sarea josi behar dugunez, berdinen arteko harremanak finkatu behar ditugu, konfidantzan eta errespetuan oinarrituak. Gure elkarlanak egonkortzeko, beharrezkoak ditugu intuizioa eta enpatia lantzea.

Hortaz, edozelako proiektua duzula, emakume lez, gaur egun, abantailak baditugu proiektuak lideratzerakoan.

  • Entzuteko joera dugu eta beste pertsonaren tokian jartzen gara.
  • Komunikazioa, gure lanabesa da.
  • Pentsamendu dibergentea ohi dugu. “Arazo bat, soluzio bat”.
  • Irtenbide praktikoa bilatzen dugu, eta erabakiak gauzateko prozedura eta politikak jartzeko joera dugu.

Zein gaitasun duzu zuk? Nola lideratzen duzu zure proiektua? Zer nolako harremanetak josten ari zara? Non kokatzen zara: aurretik, atzetik, ondoan? Tiratu, bultzatu eta altzatu egiten duzu? Edo ideiak partekatu eta gauzatu egiten dituzu elkarlana sustatuz? Azken galdera honi baietz erantzun badiozu, zorionak, XXI. mendeko liderra zara!

lidergo-motak-neurrira

TwitterLinkedInGoogle+FacebookPinterestEmail