Neskworking Progress: sufritu gabe saltzeko ahalduntzea
EmakumeEkin-ek Neskworking Progress programaren beste edizio bat abiarazi du: Bizkaiko emakume ekintzaileei zuzendutako programa da, enpresa-laguntza, eraldaketa pertsonala, ikaskuntza kolektiboa eta sareen sorrera uztartzen dituena.
Aurtengo edizioa 2026ko urritik abendura bitartean izango da, «Sufritu gabe saltzeko ahalduntzea» lelopean, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna sustatzeko Sailaren laguntza izango du.
Neskworking Progress programaren helburua da ekintzailetzan ere badagoen arrakala ekonomikoa murrizten laguntzea, horrela, beren proiektuak gidatzen dituzten emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa sustatzeko.
Izan ere, saltzeak ez luke esan nahi izango sufritzea, makurtzea, baimena eskatzea eta gure balioa etengabe zalantzan jartzea.
Saltzea ez da soilik teknika bat aplikatzea
Emakume ekintzaile askori kosta egiten zaigu saltzea. Deseroso sentiarazten gaitu diruaz hitz egiteak, gure prezioak defendatzeak, gure lana erakusteak, jendaurrean agertzeak edo proposamen baten baldintzak negoziatzeak.
Tresna komertzial guztiak ezagutu ditzakegu, eta, hala ere, beldurra sentitu norbaitek gure aurrekontua atzera bota dezakeelako, zalantzatan ibili gure lanak behar adina balio ote duen edo prezioa jaitsi, balizko bezeroek eskatu aurretik ere.
Zailtasun horiek ez dira norberarenak bakarrik. Enpresa-eredu tradizionalekin, genero desberdinkeriekin eta emakumeoi leku txikiagoa hartzen, gatazka saihesten, handinahikoegi ez izaten edo gure negozioen jasangarritasunaren gainetik kanpoko beharrak jartzen irakatsi diguten ikaskuntzekin lotuta daude.
Hortaz, Neskworking Progress programak ikuspegi oso batetik heltzen dio salmentari. Enpresa-tresnak jorratuko ditugu, baina baita diruarekin, ikusgarritasunarekin, negoziazioarekin eta gure lanaren balioarekin harremanak izateko dugun moduan eragina duten emozioak, sinesmenak eta oztopoak ere.
Zer lortu nahi dugu?
Programan zehar, hau egingo dute parte-hartzaileek:
- Jabetuko dira beren jarduera baldintzatzen duten desberdinkeriez eta barneko eta kanpoko oztopoez.
- Aintzat hartuko dituzte beren gaitasunak, eta konfiantza handiagoa izango dute beren irizpidean.
- Aztertuko dituzte ikuspegi feminista batetik enpresa egiteko eredu tradizionalak.
- Zehaztuko dituzte helburu komertzialak beren proiektuarekin bat etorriz.
- Hobeto identifikatuko dituzte bezeroak, eta saltzeko modu propioa aurkituko dute.
- Negozioaren jasangarritasunaren mesederako prezioak kalkulatuko dituzte.
- Ikasiko dute negoziatzen, mugak jartzen eta nork bere buruarekin zuhur ez izaten.
- Aurre egingo diete gaitzespenaren, ziurgabetasunaren eta jendaurrean agertzearen beldurrari.
- Beren sare profesionala ugarituko dute eta laguntza aurkituko dute beste emakume ekintzaile batzuengan.
Balio propiotik saltzeko edizioa
Aurtengo edizioak funtsezko ideia bat du abiapuntu: salmenta ezin dugu soilik kanporantz egiten dugunetik jorratu.
Prezio baxuegi baten atzean, bidaltzen ez dugun proposamen baten atzean edo eman dezakegun guztia islatzen ez duen komunikazio baten atzean, beldurra, errua, lotsa edo iruzurtiaren sindromea ager daitezke.
Neskworking Progress programak agerian dagoena eta sakona dena jorratzea proposatzen du: estrategia komertziala eta emozioak; enpresa-tresnak eta sinesmenak; ahalduntze pertsonala eta indar kolektiboa.
Nork bere saltzeko modua aurkitzea nahi dugu, norbere balioekin, gaitasunekin eta eraiki nahi duen negozio-ereduarekin bat datorrena. Konfiantzan, benetakotasunean, asertibitatean eta jasangarritasunean oinarritutako saltzeko modua.
Nori zuzenduta dago?
Ibilbide osoa 12 emakume ekintzaileri zuzenduta dago, beren merkataritza-gaitasunak hobetu eta beren salmenta-prozesuetan eragina duten oztopo pertsonalak eta egiturazkoak landu ditzaten.
Programa doakoa, trinkoa eta eraldatzailea da. Hainbat hilabetetan zehar, parte-hartzaileek banakako eta taldeko saioak bateratuko dituzte beren helburu profesionaletan aurrera egiteko, entzutean, konfiantzan eta balio-iritzirik ezean oinarritutako espazio seguru batean.
Halaber, tailerretako hiru eta Neskworking Eguna beste emakume ekintzaile batzuentzat ere zabalik egongo dira, modu puntualean parte hartu nahi badute.
Jarduera irekietara bertaratzeko, izen-emate espezifikoa egin beharko da. Informazio guztia, EmakumeEkin kanaletan eskuragai.
Neskworking Progress 2026 programaren egitura
2026ko urritik abendura bitartean gauzatuko da programa, eta hau izango da egitura:
- Ordubeteko online 4 saio, banakako mentoring-a egiteko:
- 1. saioa, urriaren 5etik 9ra.
- 2. saioa, urriaren 19tik 23ra.
- 3. saioa, azaroaren 2tik 6ra.
- 4. saioa, azaroaren 16tik 20ra.
- 2 orduko 4 talde-saio, laguntza emateko, Abando Barrutiko Udal Bulegoan: 2026ko urriaren 14an, urriaren 28an, azaroaren 11n eta abenduaren 2an.
- 2 orduko 3 prestakuntza-saio presentzial, Abando Barrutiko Udal Bulegoan. Beste emakume ekintzaile batzuei irekiko zaizkie, egun horretan batu daitezen: urriaren 7an, urriaren 21ean, azaroaren 4an.
Banakako lau saio, laguntza enpresariala emateko
Parte-hartzaile bakoitzak banakako lau online saio izango ditu, ordubetekoak.
Horietan, ekintzaile bakoitzaren behar zehatzak eta proiektua jorratuko dira: negozio-eredua, merkataritza-helburuak, bezeroak zehaztea, salmentaren arrazoibidea, prezioak kalkulatzea eta ekintzen plangintza egitea.
Laguntza horri esker, hauek egingo dira: hasierako helburu batzuk ezarri, prozesu osoan jarraipena egin eta programa itxi aurretik aurrerapenak ebaluatu.
Bideratzailea: Izaskun Rama, ekintzailetza sozialean aditua eta Maiken Koop.
Saioen egutegia:
- Urriaren 5etik 9ra.
- Urriaren 19tik 23ra.
- Azaroaren 2tik 6ra.
- Azaroaren 16tik 20ra.
Ordutegiak bideratzailearen eta parte-hartzaile bakoitzaren artean adostuko dira.
Lau talde-saio, laguntza emateko
Banakako saioak aurrez aurreko lau talde topaketarekin konbinatuko dira, zeinak babes, konfiantza eta ikaskuntza partekatuko espazio gisa sortu diren.
Gai hauek jorratuko ditugu: gure nerbio- eta emozio-sistemen funtzionamendua; beldurra eta lotsa; errua eta meta errua; norbere burua zaintzea; nork bere irizpidean konfiantza izatea; negoziazioetan asertibitatea izatea; mugak jartzeko gaitasuna; nor bere buruarekin zuhur ez izatea eta ziurgabetasun-egoerei aurre egiteko dugun tolerantzia.
Halaber, emakume ekintzaileak zeharka ditzaketen hainbat diskriminazio-modurekin loturiko barne eta kanpo oztopoak aztertuko ditugu.
Saioek, gainera, hauek egiteko balio izango dute: zalantzak eta kezkak argitzeko eta esperientziak partekatzeko, parte-hartzaileen sare profesionala sendotzeko eta aliantza eta lankidetza posibleak sortzeko.
Bideratzailea: Maite Villabeitia, psikologoa eta coach pertsonala.
Egutegia:
- Urriaren 14an.
- Urriaren 28an.
- Azaroaren 11n.
- Abenduraren 2an.
Saioak 10:00etatik 12:00etara izango dira, Abando Barrutiko Udal Bulegoan (Bilboko Barrainkua kaleko 5. zenbakia).
Hiru esperientzia-tailer ireki
Neskworking Progress programak, era berean, beste emakume ekintzaile batzuentzako hiru tailer ere eskainiko ditu. Bi orduko saio praktikoak izango dira, balioarekin, komunikazioarekin eta salmentarekin lotutako hainbat alderdi jorratzeko.
Urriaren 7an - «Nire kontuak egiten ditudanean kontatzen ez dudana», Marian Eguskizaren eskutik
Ustez garestia den aurrekontu bat izateagatik gure zerbitzuak edo produktuak atzera botako diren beldurrak gure orduko prezioa etengabe jaistera eraman gaitzake.
Tailer horretan, norberarekin zuhur izatearen ondorioez eta gure kontuak, kostuen egitura eta negozioaren benetako beharrak ezagutzearen garrantziaz arituko gara. Izan ere, gure lanaren balioa defendatzeak eskatzen du, halaber, zenbakiak ulertzea eta proiektua jasangarri egingo duten erabakiak hartzea.
Marian Eguskiza ekonomialaria eta Interalde-ren sortzaileetako bat da, baita enpresa berregituraketetan, negozio berrien eraketan eta aholkularitzan aditua ere.
Ordutegia: 12:00etatik 14:00etara.
Lekua: Abando Barrutiko Udal Bulegoa (Barraincúa Kalea, 5, Abando, 48009 Bilbao, Bizkaia).
Urriaren 21ean - «Nire markak axola duenean», Natalia Matrelleren eskutik
Produktu edo zerbitzu on bat izatea ez da nahikoa haren benetako garrantzia kanpotik hautematen ez bada.
Askotan alde handia dago garenaren eta erakusten dugunaren artean. Komunikazio ahalketsu batek edo era kaskarrean zehaztutako identitate batek gure markak gure lanaren kalitatea, nortasuna eta ahalmena islatzea eragotz dezake.
Tailer horretan, negozioaren identitatea eta komunikazioa izango ditugu ardatz. Proiektuaren funtsa kanpora nola eraman landuko dugu, eta nola eraiki marka koherentea, benetakoa eta bere espazioa konfiantzaz betetzeko gai dena.
Natalia Matrelle diseinatzaile grafikoa eta branding-eko espezialista da, eta hogei urtetik gorako esperientzia du lanbidean.
Ordutegia: 12:00etatik 14:00etara.
Lekua: Abando Barrutiko Udal Bulegoa (Barrainkua kalea 5, Abando, 48009 Bilbo, Bizkaia).
Azaroaren 4an - «Kontatzen dut eta kontatzen du», Asun Carballoren eskutikon
Sare sozialak tresna garrantzitsuak dira gure proiektuak ikusarazteko eta salmenta bultzatzeko. Hala ere, gure buruak agertzeko beldurrak, kritikak jasotzekoak, besteentzat interesgarri ez izateak edo behar bezain profesional gisa ez agertzeak sare sozialak aprobetxatzea eragotz diezaguke.
Tailer horretan, gure burua bideo batean agertu edo grabatu behar dugunean agertzen diren erresistentziak identifikatuko ditugu. Beldur horiei aurre egiteko teknika errazak ezagutuko ditugu, eta ikus-entzunezko hizkuntza gure proiektuen alde erabiltzen ikasiko dugu.
Gune praktiko eta segurua izango da zalantzatik ekintzara igarotzeko eta konfiantza handiagoa izanda komunikatzeko.
Asun Carballo hezitzailea, aholkularia eta sare sozialen kudeatzailea da. Tejiendo Redes Sociales proiektuaren sortzailea da.
Ordutegia: 12:00etatik 14:00etara.
Lekua: Abando Barrutiko Udal Bulegoa (Barrainkua kalea 5, Abando, 48009 Bilbo, Bizkaia).
Neskworking Eguna: «Baliotsua naiz»
Azaroaren 27an Neskworking Eguna ospatuko dugu: emakume ekintzaileen arteko topaketa eta networking jardunaldi irekia.
«Baliotsua naiz» lelopean, esperientzia kolektiboa bizi izango dugu, salmenta-prozesuen berezko ziurgabetasunari aurre egin behar diogunean agertzen diren beldurrak eta emozioak aztertzeko: erantzunik ez jasotzea, proposamen bat atzera botatzen dutela onartzea, baldintza batzuk negoziatzea edo beste pertsona batzuengan konfiantza izatea.
Jolasaren bidez, hainbat egoera gertatzen denean gure jarrera fisikoa eta mentala zein diren behatuko dugu, eta harremanak izateko, loturak sortzeko eta konfiantza sortzeko dugun modua ezagutuko dugu.
Jardunaldiaren bigarren zatia networking dinamizatua izango da; horretan, artea tresna eraldatzaile bihurtuko da berdinen arteko harremanak, sormena eta loturak ahizpatasun giroan eraikitzen laguntzeko.
Bideratzaileak: Cristina Sahuquillo, joko-terapian espezializatutako terapeuta eta laguntza-hezitzailea. Eta Lucía Bonilla, margolari eta ilustratzailea, sormen-tailerretan eta gizartean esku hartzeko prozesuetan esperientzia duena.
Eguna: 2026ko azaroaren 27an.
Ordutegia: 10:00etatik 14:00etara.
Lekua: Bilbo. Lekua, baieztatzeke.
Programa osoan izena ematea
Zure estrategia komertziala landu, zure saltzeko modua baldintzatzen duten oztopoei aurre egin eta balio propiotik proiektu jasangarriago bat eraiki nahi baduzu, Neskworking Progress 2026 programan parte hartzeko eskaera aurkeztera gonbidatzen zaitugu.
Ibilbide osoak 12 leku ditu eta parte hartzea doakoa da.
Saltzeak ez liguke eskatu beharko gure ahotsari uko egitea, gure balioa jaistea eta gure beldur guztiei bakarrik eustea. Toki propio batetik egiten ikas dezakegu, beste emakume batzuek lagunduta eta enpresa-estrategia eta eraldaketa pertsonala lotuko dituzten tresnekin.
Bada garaia egiten duzun ekarpen guztia aitortzeko eta sufritu gabe saltzen ikasteko.





