Azaroaren 19ko manifestua

Aza 21, 2022

| A 19
Manifiesto 19 de Noviembre

Nazio Batuen Erakundeak 2014an sortutako Emakume Ekintzaileen Nazioarteko Eguna –azaroaren 19a– dela eta, EmakumeEkin–Euskadiko Emakume Ekintzaile eta Enpresarien Elkarteko kideok, genero-ikuspegidun ekintzailetzarekin loturiko euskal elkarteen babesarekin, Euskadiko Administrazio publikoko ordezkariei idazki hau idatzi diegu, emakume ekintzaileon premia eta eskaera hauek kontuan har ditzaten, herri berdinzaleagoa, kohesionatuagoa, lehiakorragoa eta jasangarriagoa eraiki aldera:

1. Ekintzailetzako desberdinkeria ekonomikoa neurtzea.

Gaur egun, ez dakigu zein den Euskadiko emakume ekintzaileen errealitate ekonomikoa gizon ekintzaileenarekin alderatuta. Jakin behar dugu zenbat irabazten duten emakume ekintzaileek eta zenbat, gizon ekintzaileek, zein onura lortzen duten eta zenbat kotizatzen duten; azken buruan, nolakoa den norberaren konturako langileen desberdinkeria ekonomikoa.

Hainbat azterlanek –hala nola Global Entrepreneurship Monitor-ek (GEM), Euskal Ekintzailetzaren Behatokiak egindakoa– emakumeek eta gizonek ekintzailetzan duten partaidetzari buruzko datuak bildu dituzte, eta berdintasunezko agertokia adierazi dute. Haatik, azterlan horiek ez dute adierazi benetan zein desberdintasun dagoen errealitate ekonomikoan norberaren konturako emakume langileen eta gizon langileen artean; beraz, ez dugu argazki osoa. Euskadiko soldata-arrakalaren egoeraren diagnostikoaz bildu diren datuen arabera, EAEko soldata-arrakala % 19,5ekoa da (6.331,55 €). Datu horiek besteren konturako langileei dagozkie, eta, hortaz, ez da emakumeen eta gizonen arteko aldea kontuan hartu ekintzailetza-proiektuetan.

Norberaren konturako lana gizonen eta emakumeen arteko ordainsaria parekatzeko alternatibatzat har liteke, baina, 2014an, Nazioarteko Diru Funtsak adierazi zuen Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko herrialdeetan besteren konturako laneko soldata-arrakala % 16koa zela eta norberaren konturako lanekoa, aldiz, % 28koa. Halaber, Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak eta Langile Autonomoen Elkarteak (ATA) ‘Lan autonomoa eta generoaren araberako diru-sarreren arrakala’ txostenean bildutako datu berriagoek egiaztatu dutenez, emakume autonomoen diru-sarrerak gizonenak baino txikiagoak dira, eta emakumeak kalteberagoak dira krisi-egoeretan eta, azken batean, emakume izateagatiko arazoak dituzte. Zaurgarritasun hori handiagoa da diskriminazio anizkoitza jasaten duten emakumeen kasuan.

Gainera, adierazi du, negozio-bolumenaren arabera, emakume autonomoen enpresak gizon autonomoenak baino txikiagoak direla. Hala, inkestatutako gehienek, % 27,7k, 15.000 €-tik beherako urteko negozio-bolumena dutela diote; aldiz, inkestatutako 5 gizonen artean 2k diote beren negozioek urtean 46.000 € baino gehiago fakturatzen dutela.

Hori guztia dela eta, Euskal Administrazioari eskatzen diogu azterlan egokiak egin ditzan Euskadiko norberaren konturako laneko arrakala ekonomikoaren egoera ezagutzeko, txosten horiek seguru asko agerian jarriko duten genero-arrakala murrizteko politika publikoak eta ekintza positiboak martxan jar daitezen.

2. Adingabeak eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituztenentzat berariazko kotizazio-kuota sustatzea.

Euskal Administrazioari eta EAEko erakundeetan ordezkariak dituzten alderdi politikoei eskatzen diegu Estatuko Administrazioan susta dezatela seme-alabak edo mendekotasuna duten senideak zaintzen dituzten norberaren konturako langileentzat berariazko kotizazio-araubidea sortzea, eta Europar Batasunari eskatzea herrialdeek norberaren konturako langileen kuotak homogeneizatzeko gomendioak edo esparrua sortzea ere.

Emakumeen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasuna ekintzailetzan ere gertatzen da, oro har. Beste lanbide-eremu batzuetan gertatu ohi den bezala, emakume ekintzaileek gizon ekintzaileek baino zaintza-karga handiagoa hartzen dute beren gain –besteren konturako langileekin gertatzen den bezala. Egoera horrek, askotan, ekintzailetza-ahalmena erabat garatzea eragozten du, eta, ondorioz, emakumeak kalkulu-oinarri txikiagoekin iristen dira erretirora; horren ondorioz, norberaren kontura lan egin duten adineko emakumeak pobretu egiten dira.

Datuek hori berretsi dute. Autonomoen Elkarteak (UATAE) 2020ko urtarrilean jakinarazitako datuen arabera, pentsio guztietatik (ezintasuna, erretiroa, alarguntza eta zurztasuna barne), langile autonomoen pentsioa soldatako langileena baino % 37,1 txikiagoa da batez beste (1.096,5 eurokoa, araubide orokorrean; 689,3 eurokoa, autonomoen araubidean). Horri gehitu behar zaio emakume langile autonomo pentsiodunen batez besteko pentsioa gizonena baino % 27,2 txikiagoa dela; hots, emakume autonomoek arrakala bikoitza jasaten ari direla, eta beren batez besteko pentsioa, 586,09 eurokoa, araubide orokorraren batez besteko pentsioaren 1.096,5 euro baino % 47 txikiagoa dela. Gure ustez, zaintzaileak kontuan hartuko behar ditu Administrazio Publikoak, eta zainketen zama konpentsatzeko neurriak sortu haientzat, esaterako, itsasoko langileei aplikatzen zaizkienen antzeko formula konpentsatzaileak.

3. I+G+b, teknologia eta eraldaketa digitalerako laguntzeetan genero-ikuspegia sartzea.

Euskal Administrazioari eskatzen diogu, halaber, azter dezala zein erakunde-motak atera dien onura, azken urteetan, enpresentzako diru-laguntza nagusiei, jakiteko zein proportziotan lagundu zaien emakumeek lideratutako enpresei, uste baitugu laguntza horietan genero-joera egon litekeela, eta hori saihestu behar da.

Hortaz, emakumeek edo gizonek lideratutako Euskadiko enpresen proportzioa konparatu beharra dago diru-laguntzak jasotzen dituzten enpresen proportzioarekin. Hau da, sexuaren arabera bereizitako datuak ezagutu behar dira I+G+b, teknologia edo eraldaketa digitaleko gaietan enpreseei laguntzeko programa nagusiak jasotzen dituzten enpresen liderrei buruz, jakiteko zein den laguntza horien genero-eragina, eta, behar izanez gero, neurri zuzentzaileak hartzeko.

Jakin badakigu urratsak eman direla emakumeen eta gizonen artean gizarteko hainbat esparrutako desberdinkeria soziala ezabatzeko. Izan ere, arlo askotan funtsatutako eta dokumentatutako errealitatea da hori. Berdintasunaren aldeko urratsak eman dira ekintzailetzan ere, baina aurrerapauso horien aldeko apustua egiten jarraitu behar da, benetako berdintasuna lortze aldera.

Euskal emakume ekintzaileok Euskadiko egitura ekonomikoaren parte nabarmena osatzen dugu, eta egiturazko desberdintasunaren ondorioz emakume ekintzaile eta enpresarion jarduera ekonomikoari behar ez bezala garatzen uzten ez dioten baldintzak kontuan hartu beharra dauka Administrazio Publikoak, batez ere, Eusko Jaurlaritzak adierazi duenean 2030ean soldata-arrakala txikiena duten Europako herrialdeen artean egoteko helburua, eta kontu horretan, emakume ekintzaileon premiak aintzat hartu beharko lituzke.

Hori guztia dela eta, euskal Administrazio guztiei eta Eusko Legebiltzarkideei eskatzen diegu manifestu honetan bildutako neurri zuzentzaileak azter eta aplika ditzaten.

Donostian, 2022ko urriaren 14ean.

Sinatzaileak:

AED-Asociación de Empresarias y Directivas de Bizkaia
Ampea-Asociación de Mujeres Profesionales y Empresarias de Álava
Asociación para la equidad de género en el emprendimiento “Mujeres Migradas emprendedoras”
Aspegi_Asociación de Profesionales y Empresarias de Gipuzkoa
COAVN-Área de igualdad del Colegio de Arquitectos en la delegación de Gipuzkoa-,
Colegio Psicología de Bizkaia
Colegio Vasco de Economistas
Economistas sin fronteras /Mugarik gabeko ekonomilariak
EmakumeEkin - Asociación de mujeres emprendedoras y empresarias en Euskadi
Hemen elkartea. Ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako emakumeak.
Impact Hub Donostia S. Coop
Saskia Asociación de mujeres emprendedoras y empresarias en el medio rural
SMyE: Asociación Somos Mujeres y Empresarias
Wikitoki Elkarsorkuntzarako Laborategia

Asociaciones firmantes del manifiesto 19N