Porrota ezbaian, emakumeon ekintzailetzan

Eka 1, 2018

Porrota ezbaian, emakumeon ekintzailetzan

Zer da porrot? Hauxe Harluxet hiztegi entziklopedikoan ematen den definizioa.

Porrot: Norbaitek bereasmo eta helburuetan aurrez espero zitzakeen edo nahi zituen emaitzak ez lortzea. Adibidea: Eskola-porrota. Porrot hitza 160 aldiz ageri da hiztegi entziklopedikoan. Hauetatik, sarrera gehienak gerraz mintzo dira porrot hitza aipatzen denean. Hau da, oso konnotazio ezkorra du porrot hitzak.

Baina bada porrot hitza ageri den sarrera bat adierazpen horretatik aldentzen dena: autoikaskuntza. Hauxe da EmakumeEkin elkartean gustukoa duguna, baikorra baita.

Autoikaskuntza: iz. 1. Nork bere kabuz egiten duen ikaskuntza. 2. INFORM. Sistema batek, bere ekintzen arrakasta edo porrotean oinarrituta, bere programa pixkanaka aldatuz hobetzeko duen gaitasuna.

Hortaz, porrota bada ikasteko eta hazteko baliabide boteretsua. Porrot egiteari beldur badiozu, zure ametsetatik urruntzen bazara, ez duzu lortuko ez ikasketarik ez hazkunderik, eta jakina, ez arrakastarik.

Ipuin sufiarrak dioen moduan: “zorte on edo txarra, batek daki”. Izan ere, gertaera zoritxarrekoak, porrotak alegia, onura ekar lezake, eta alderantziz. Asmatzerik ez dago.

Porrota, gailurrerako urratsa moduan hartzen dugu, bizitzaren partea.

“Arrakasta ez da betirako. Porrota ez da zorigaitza”. Winston Churchill

Porrot egiteko 2 modu

Porrotarako errezeta eman nahi dugu.

  1. Ez hasi
  2. Ez jarraitu


Hainbat ikerketek adierazten dutenez, emakumeok gizonezkoek baino beldur handiago diogu porrot egiteari. Horregatik, eta heziketarengatik, kultur-estereotiporengatik eta beste hainbat oztoporengatik, emakumeok enpresa edo ekintzailetza bidean gutxiago sartu ohi gara. Hala ere, egungo datuek erakutsi dute, oztopoei aurre egiteko kemena badugula; gizonezkoekin alderatuta, enpresa gutxiago itxi dugu azken bolada honetan.

Emakumeekin elkartea, porrotari beldurra kentzeko topagunea

Lerro hauen bidez animatu nahi zaituztet, zure moduan ekintzailetza-bidean ari diren beste emakumeekin, zuen ikasketak, asmoak, ametsak, lorpenak eta beldurrak partekatzera. Emakumeekin bezalako elkartean beste emakume ekintzaileokin elkartzeko aukera duzu. Bertan, parte hartzen dugun emakume guztiok dakigu zer den porrota; kontrakoa esango balizu baten batek, gezurretan ari dela esango nizuke.

Dena den, gure elkartean, “porrota” erlatibizatu egiten dugu. Askotan jorratu dugu gai hau. Gomendatzen dizuet gure kidea den Maider Gorostidiren idazkia: Qué es el fracaso y cómo abordarlo.

Emakumeekin-ek parte hartzen duen ANDREkintzailea programan porrota ezbaian jarri dugu emakume adoretsuen esperientzien bidez, hala nola: Toti Martinez de Lecea, Mónica Carratalá, Virginia Berasategui, Carmen Arrazola, Arantza Arruti eta Miren González de Mendialdua.

Porrota gertaera edo urrats bat besterik ez da. Ikasketa baliotsua. Dena delakoa, berriz egin behar ez duzuna erakutsiko dizun lezio aberasgarria da porrota. Unean unekoa. Porrota ez da betiko. Eta askotan, porrotaren ostean, atea edo leiho berri bat zabaltzen da.

Bada ekimen interesgarri bat Mexikon sortua: FUCK UP NIGHTS . Hitzaldi-sortak dira. Gaia? Porrota. Hizlariak? Porrotaren bat jasan duen ekintzaile bat. Ideia zoro bat moduan sortu zena, gaur egun, FAILURE INSTITUTE erakundea da; munduan negozioen porrota ikertzen duen think tank bakarra da. Porrot egin zuten hainbat ekintzaileren eskutik sortu zen. Itxi zitzaien ate batetik, ate berria ireki zitzaien.

Beraien web-orrian porrot egin duen ideia edo negozioren baten esperientzia partekartu dezakegu test sinple honen bidez. Nik jada egin dut. Animatuko al zara zu? Onuragarria da gure porrotetaz mintzatzea, hausnarketa egitea, garrantzia kentzea, umorez tratatzea eta beste pertsonekin partekatzea.

Partekatuko al zenuke aurrera egin ez duen esperientziaren bat? Bai? Eskerrik asko zure eskuzabaltasunarengatik. Denok ikasiko dugu, denok aberastuko gara!

Egilea: Amaia Agirre