Emakume ekintzaileek neurri espezifikoak eskatu dizkiote Eusko Legebiltzarrari norberaren konturako laneko soldata-arrakala amaitzeko.
EmakumeEkin elkarteak Eusko Legebiltzarreko Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntza Batzordean aurkeztu ditu eskaerak Euskadiko emakumeen ekintzailetzarekin lotutako elkarte askoren izenean.
Euskadiko ordezkari eta kargudun publikoei idazki bat bidali die, sektore-erakunde guztien eskariekin.
Ekintzailetzako desberdintasuna neurtzeko eskatu dute, datu hori ez baita ezagutzen Euskadin, baina besteren konturako laneko desberdintasunaren %19,5 gainditzea aurreikusten da.
EmakumeEkin emakume ekintzaileen euskal elkarteak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntza Batzordean, berak hala eskatuta, Euskadiko emakume ekintzaileen eta enpresarien egoera azaltzeko eta norberaren konturako lanean soldata-arrakala amaitzeko zenbait neurri espezifiko abian jartzea eskatzeko. Datu zehatzik ez dago Euskadin, baina “egiturazko desberdintasunagatik” eta Estatuan ezagututako datuengatik, besteren konturako lanean dagoen arrakalaren %19,5etik gora egongo dela uste da. Halaber, zaintzaile autonomoentzat kotizazio-kuota espezifiko eta konpentsaziozkoak sortzeko eskatu dute, baita enpresentzako laguntza publikoetan genero-ikuspegia txertatzeko ere.
Miren Lauzirika EmakumeEkineko presidenteak positibotzat jo du Batzordeak “Euskadin emakumeek gidatutako ekintzailetzaren errealitatea zein den eta zer behar dugun zuzenean entzuteko duen interesa. Emakume Ekintzaileen Nazioarteko Egunaren harira, Euskadiko emakume ekintzaile guztiek plazaratu genituen aldarrikapenak ekarri ditugu Eusko Legebiltzarreko ordezkarien aurrera. Espero dugu entzutetik ekintzara pasatzea”.
Azaroaren 19an ospatzen den Emakume Ekintzaileen Nazioarteko Eguna dela eta, emakume ekintzaile eta enpresarien euskal komunitateak EmakumeEkin elkarteak bultzatutako eta emakumeen ekintzailetzarekin lotutako hainbat esparrutako hamahiru erakundek babestutako manifestu bat plazaratu zuen. Kolektiboak idatzi bat bidali zien Euskadiko ordezkari eta kargudun publiko guztiei, beren eskaerak bilduz, eta gaur egin den agerraldia eskatu zuen.
Eusko Legebiltzarreko ordezkariei gaur helarazitako eskarien artean dago azterlanak egin behar direla Euskadin norberaren konturako lanean dagoen arrakala ekonomikoaren egoera ezagutzeko, txosten horiek ziur aski azaleratuko dituzten genero-arrakala murriztuko duten politika publikoak eta ekintza positiboak abian jarri ahal izateko.
Ekintzailetzaren Euskal Behatokiak egindako Global Entrepreneurship Monitor – GEM azterlanak, esaterako, emakumeek eta gizonek ekintzailetzan duten parte-hartzeari buruzko datu ugari biltzen ditu, eta berdintasunezko egoera marrazten du parte-hartzeari dagokionez. Hala ere, “azterketek ez dute islatzen norberaren konturako langileen artean errealitate ekonomikoan zer desberdintasun dauden, eta, beraz, ez dugu argazki osoa”, zehaztu du Lauzirikak.
Euskadin badakigu besteren konturako soldata-arrakala %19,5ekoa dela (6.331,55€), baina ez dago daturik ekintzailetza-proiektuetan emakumeen eta gizonen arteko soldata-aldeari dagokionez. Hala ere, Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak eta ATA - Langile Autonomoen Elkarteak berriki egindako azterlan baten arabera, emakumezko autonomoen enpresen negozio-bolumena gizonezkoena baino txikiagoa da: inkestatutako gehienek (%27,7) diote 15.000€-tik beherako urteko negozio-bolumena dutela, eta 5 gizonetik 2k diote beren negozioek urtean 46.000€-tik gora fakturatzen dutela.
Kuota espezifikoak eta konpentsaziozkoak
Era berean, kolektiboak euskal administrazioari eta Euskadiko erakundeetan ordezkaritza duten alderdi politikoei eskatu die Estatuko administrazioaren aurrean susta dezatela zaintzaile autonomoentzako kotizazio-erregimen espezifiko bat sortzea. Beste lanbide-eremu batzuetan bezala, emakume ekintzaileek gizonek baino zaintza-karga handiagoa hartzen dute beren gain, “eta horrek, kasu askotan, ekintzailetza-potentziala erabat garatzea eragozten du, eta, ondorioz, emakumeak kalkulu-oinarri txikiagoekin iristen dira erretirora; hori horrela, beren kontura lan egin duten adineko emakumeak pobretu egiten dira”, gaineratu du EmakumeEkineko presidenteak.
Emakume autonomoak arrakala bikoitza du, eta bere batez besteko pentsioa (586,09 euro) norberaren kontura lan egiten duten gizonena baino %27,2 txikiagoa da, eta erregimen orokorreko batez besteko pentsioko 1.096,5 euroak baino %47 txikiagoa, UATAE Mujer autonomoen elkarteak emandako 2020ko datuen arabera.
Genero-alborapena laguntza publikoetan
Azkenik, Lauzirikak Batzordeari jakinarazi dio kolektibo ekintzaileak jakin nahiko lukeela zer nolako erakundeek jaso dituzen azken urteotan I+G+b, teknologia edo eraldaketa digitaleko materialetan enpresei zuzendutako laguntza ekonomiko nagusiak, besteak beste.
Lauzirikak azaldu bezala, “beharrezkoa da Euskadin emakumeek edo gizonek gidatutako enpresen proportzioa eta laguntzen onuradun diren enpresen proportzioa alderatzea, izan ere, laguntza horiek enpresen tamainari lotutako genero-alborapena izan dezaketela jasotzen dugu: askotan, emakumeek gidatutako enpresak laguntza publikoetatik kanpo geratzen diren 1 edo 2 langileko mikroenpresak dira, laguntza horiek eskuratzeko tamaina jakin bat eskatzen dutelako”.
EmakumeEkinek Legebiltzarreko Batzordean aurkeztutako eskaerek ondorengo elkarteen babesa jaso dute:
AED – Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkartea
AMPEA – Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkartea
Asociación para la equidad de género en el emprendimiento Mujeres Migradas emprendedoras
ASPEGI – Gipuzkoako Emakume Enpresari
Profesional eta Zuzendarien Elkartea
COAVN – Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Delegaritzako Berdintasun Arloa
Bizkaiko Psikologoen Elkargoa
Ekonomisten Euskal Elkargoa
Economistas sin fronteras / Mugarik gabeko ekonomilariak
Hemen elkartea - Ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako emakumeak
Impact Hub Donostia S. Coop
Saskia - Landa-inguruneko emakume ekintzaileen eta enpresaburuen elkartea
SMyE: Somos Mujeres y Empresarias elkartea
Wikitoki Elkarsorkuntzarako Laborategia.