EmakumeEkin elkartekideok egunero egiaztatzen dugu emakumeen arteko lankidetzak duen botere eraldatzailea. Jakin badakigu ekitea, batzuetan, bide bakartia izan daitekeela, negozio-planetik haratago doazen erronkez beterikoa. Zalantzak eta beldurrak sortu ohi dira, bai eta erreferenteak falta zaizkigulako sentsazioa ere. Horrexegatik sortu ginen: komunitate bat sortzeko, laguntza-sareak ehuntzeko eta elkarrekin indartsuagoak garela erakusteko.
Hortaz, Sarenesk programa sortu dugu, filosofía hori Getxora eramateko, Getxolan-Getxoko udaleko ekonomia sustatzeko zerbitzuaren eskutik. Lankidetza horren emaitza Sarenesk da, konfiantza eta ahizpatasuneko ingurune batean, beren proiektuak ez ezik, beren buruak ere haztea helburu duten emakume ekintzaileek emakume ekintzaileentzat taxutu duten programa.
Getxoko edo inguruetako emakume ekintzailea bazara, zuretzat da.
Zer da Sarenesk?
Sarenesk, emakumeek sarean lan egitea iradokitzen duena, prestakuntza baino askoz gehiago da. Talde-laguntzako programa bat da, zure ekintzailetza-proiektua eta zu zeu profesional gisa indartzeko sortu dena. Espazio segurua da, non zu bezala beren ideiei bizia ematen ari diren beste emakume batzuekin esperientziak partekatzen, zalantzak argitzen, tresna baliagarriak eskuratzen eta, garrantzitsuena, laguntza-sare sendo eta iraunkorra eraikitzen den.
Gure bereizgarriak, genero-ikuspegia eta adimen kolektiboak duen boterea, oinarri hartuta diseinatu da programa.
Norentzat sortu da?
Getxoko eta inguruko udalerrietako emakume ekintzaileentzat sortu da Sarenesk, baldin eta egoera hauetan batean bazaude:
- Negozio-ideia bat duzu zehaztuta, gauzatzear.
- Duela gutxi ekin diozu proiektuari, eta hori sendotu eta hazi nahi duzu.
- Denbora daramazu negozioarekin, eta hori suspertzeko, zure estrategia berrikusteko edo, besterik gabe, beste ekintzaile batzuekin harremanetan jartzeko beharra sentitzen duzu, bakardadea hausteko.
Profil horietako batekin bat bazatoz eta, batez ere, komunitatearen balioan sinesten baduzu, zure zain gaituzu!
Zer emango dizu Sarenesk proiektuak?
Gure esperientziaren arabera, jakin badakigu horrelako programa baten onurak arlo tekniko hutsetik haratago doazela. Sarenesk-en parte hartzen baduzu, hauek lortuko dituzu:
- Benetako laguntza-sarea sortuko duzu: beste emakume ekintzaile batzuk ezagutuko dituzu eta horiekin erronkak partekatuko dituzu eta arrakastak ospatuko, eta elkarlanean arituko zara.
- Tresna baliagarriak zureganatuko dituzu: zure negozioa kudeatzeko eta hazteko funtsezko gaiak jorratuko ditugu, ikuspegi baliagarri eta aplikagarri batetik.
- Konfiantza eta segurtasun gehiago izango dituzu: inork juzgatu gabe, zure zalantzak partekatzeak eta taldearen eta dinamizatzaileen feedbacka jasotzeak funtsezko konfiantza-bultzada emango dizu.
- Ikusgaitasun handiagoa izango duzu: programak aukera emango dizu zure proiektua aurkezteko eta beste kide batzuentzat erreferente bihurtzeko.
- Prozesuaz gozatuko duzu: EmakumeEkin-en, kalitatea eta berotasuna eskutik helduta doaz. Ekintzailetzaren bidea gozamenerako eta hazkunde pertsonalerako tokia ere izatea nahi dugu.
Metodologia: taldearen indarra
Gure metodologia praktikoa, partizipatiboa eta bizipenez beterikoa da, bereziki. Uste dugu ikaskuntzarik esanguratsuena esperientzia partekatutik sortzen dela. Hala bada, saioek jarduera hauek bateratuko dituzte:
- Prestakuntza-pilulak zure ekintzailetzarako estrategikoak diren gaiei buruz.
- Talde-dinamikak, adimen kolektiboa eta elkarrekiko laguntza sustatzeko.
- Norberaren eta taldeko lanerako espazioak, ikasitakoa zuzenean zure proiektuan aplikatzeko.
- EmakumeEkin-eko bideratzaileen etengabeko laguntza; horiek taldea hurbiltasunetik eta esperientziatik gidatuko dute.
Programaren egitura
Sarenesk programak hauek bateratzen ditu: banakako mentoretza-saioak, talde-laguntzako saioak, hiru esperientzian oinarritutako tailer bat eta amaierako networking jarduera bat.
Programaren egunak eta datuak
Apuntatu zure agendan!
- Egunak: irailaren 29tik azaroaren 14ra bitartean garatuko da programa.
- Formatua: online eta presentziala (Getxolan - Getxo Elkartegia, Ogoño 1 - 48930 Getxo).
- Kostua: doakoa da programa, Getxolanek diruztatzen du.
Banakako mentoretza
Saioen egutegia: irailaren 29tik urriaren 3ra, urriaren 13tik 17ra, urriaren 27tik 31ra, azaroaren 10etik 14ra.
Modalitatea: Online ala presentziala, mentoreak eta parte-hartzaileak erabakiko dute.
Bideratzailea: Izaskun Rama (hasiera- eta amaiera-saioak), EmakumeEkin-eko elkartekide espezialistekin.
Taldeko laguntza
Egunak:
- Urriaren 8a
- Urriaren 15a
- Urriaren 29a
- Azaroaren 12a
Ordutegia: 12:00etatik 14:00etara
Bideratzailea: Maite Villabeitia
Esperientzian oinarritutako tailer irekiak
Beldurraren kostua – Urriaren 1a | Marian Eguskiza
Zure marka, zeu – Urriaren 22a | Natalia Matrelle
Argia, kamera… eta zeu – Azaroaren 5a | Asun Carballo
(Guztien ordutegia: 12:00etatik 14:00etara)
Networking jardunaldia
Eguna: Azaroaren 14a
Ordutegia: 10:00etatik 14:00etara
Lekua: Getxolan edo udaleko beste espazio bat
Eman izena orain! Lekuak mugatuak dira
Badakigu programak eragin handia izango duela, eta laguntzaren kalitatea bermatzeko, lekuak mugatuak izango dira. Aprobetxatu zure proiektuari bultzada emateko aukera paregabe hori, emakume-sare aparta batez inguratuta.
Izena emateko epea zabalik dago. Zure zain gaituzu.




